top of page

Teresa Todak zabaldu du Idazle Jazarrien Batzordeko bilera Amsterdamen

      PEN Internationaleko Idazle Jazarrien Batzordeak (Writers in Prison Committee) bi urterik behin egiten duen bilera nagusia dauka asteon. Amsterdamen izatean ari da, maiatzaren 26tik 29ra (asteartetik ostiralera), eta mundu osoko dozenaka idazle eta kazetari izan dira. Euskal PEN ere bertan izango, aurreko bileretan egin izan duenez.

 

      Aurten, euskal ordezkaritza berezia ere izango da, horratik, Teresa Toda kazetaria izan delako bertan. Ezaguna denez, sei urte bete behar izan ditu espetxean EGIN egunkariko zuzendariorde lana egiteagatik. Ikusmin berezia piztu du Teresa Toda Amsterdamen egoteak, eta berari eskatu diote goizero egiten diren Frontline Report bat egitea: solasaldi txiki bat bere esperientziatik abian EGIN kasua eta Euskal Herrian eta Espainian adierazpen askatasunak duen egoera azaltzeko. Gogoan izateko, besteak beste, Teresa bera libre egon arren, sei urte espetxean eginda, preso dagoela oraindik Jabier Salutregi, EGINeko zuzendari izana, baita egunkari horretako beste hainbat langile ere, hala nola Jexuxmari Zalakain eta Karlos Trenor. Preso egon izan den artean, Kurdistan, Australia eta beste hainbat herrialdetako idazleekin izan du harremana Teresa Todak.

 

      Bestalde, Teresa Todak azaldu du maiatzaren 28an Iraitz Salegiren aurka egitekoa den epaiketa eta argi eta garbi azaldu du egun Espainian ezartzen ari den "Mozal Lege" delakoa aspaldidanik aplikatu zela Euskal Herrian, bertako hedabideen aurka.

 

    Todarekin batera Amsterdamen izan dira Euskal PENeko zuzendaritzako Laura Mintegi eta Lutxo Egia ere. Han aurkeztu dute euskaraz eta ingelesez argitaratzen den Basque Writing aldizkariaren hamaikagarren alea, euskal komikigintzari buruzko ale monografikoa, ohi denez, harrera bero-beroa izan duena.

bottom of page