81. PEN Internationaleko Kongresuak
idazle jazarriekiko konpromisoa berretsi du
PEN International-eko Kongresuan bildu diren 250 ordezkariek dei berezia egin diete mendebaldeko gobernuei erantzun egokia eman diezaioten errefuxiatuen egoerari, babes politikak zabalagoak eginda eta xenofobia zein arrazismoa uxatuta.
Hauteskundeak Presidentziarako eta WIPCerako
Bestalde, nazioarteko PENek presidente berria hautatu du, Jennifer Clement idazle mexikar interesgarria, ordezkarien babes zabalarekin. Idazle Jazarrien Batzordeak ere (WIPC, Writers in Prison Committee) burua hautatu du. Bi hautagai zeuden, Euskal PENeko Teresa Toda eta English PENeko Salil Tripathi idazle indiarra, eta azken honek jaso zuen boto gehien.
Quebec Deklarazioa Itzulpen Literarioaz
Kongresukideek oniritzia eman diote, aho batez, Itzulpen Literarioari buruzko Quebec Deklarazioari. Itzulpenaren garrantziaz ohartuta, areago hizkuntza gutxituko literaturarentzat, PEN Internationalek tresna erabilgarria eman nahi izan die itzultzaileei beren eskubideak defendatzeko eta agerian jartzeko isila eta ikustezina izaten den zeregin garrantzitsua.
Berritasunak Zentruetan
Nazioarteko zentruek ongi etorria eman diote Mali zentru berriari eta eratzeko bidean daude Kuba, Mauritania eta Tailandiako zentruak. Aurtengo kongresuan inoiz ez bezalako presentzia izan dute hizkuntza hispanoa duten zentruek, 15 zentru denetara, Nikaragua, Bolivia, Txile, Argentina, Kolonbia, Mexico, San Miguel de Allende, Honduras eta Peru horien artean.
Espainia PEN zentrua, ordea, behin behinean baztertu da, azken bederatzi urtean kongresuetara eta batzordeetara joan ez eta jokabide desegokiak izan dituelako. Arazoa konpondu ezean, behin betiko itxiko da hurrengo kongresuan, estrainekoz, ez baitago honelako aurrekaririk. PEN Internationalek zenbait idazle espainiarri lagunduko die beste zentru bat sortzen, interesa adierazi baitute PEN eremuan lan egiteko.