Joan Mari Torrealdai
Adiorik ez
Entzun nahi ez nuen albistea jaso dut, Joan Mari. Enoratu nahi duguna, ordea, ez da desagertzen enoratze hutsagatik. Irakasgai hori erakutsi zenidan aspaldi.
Mahai-ingurua partekatzen ari ginen Zentsura At! Censorship Festival-ean 2010ean. Zentsurak eragiten duen kalte politikoaz, sozialaz eta pertsonalaz ari ginen, eta Norvegiatik etorria zen eta laguna nuen Stein Torger kazetari samiak esan zidan elkarrizketa egin nahi zizula. Zuri galdetu eta baietz, baina ingelesez nekez, eta interprete lana egiteko. Nola ez.
2003an izandako Egunkariaren itxieraz galdetu zizun, luze eta zabal, eta poliziak eman zizun tratuaz. Martxelo Otamendiren eta Iñaki Uriaren testigantzak aipatu zituen kazetariak. Eta orduan hasi zinen deskribatzen, bare eta pausatu, zeu ere torturatu zintuztela. Kazetari hari azaldu zeniona ez nuen entzunda aurretik, zer egin zizuten eta nola sentitu zinen. Testigantza berri hura ingeleseratu ahala, eztarrian korapilatu zitzaidan, hitzekin batera, zure begietan ikusi nuen begirada. Hain hauskor, hain babesgabe, hain zaurgarri ikusi zintudan une hartan. Ezin ahaztu. Elkarrizketa amaitutakoan aurrez aurre gelditu ginen isilik. Zer esan. Ez dago hitzik. Eta zeuk, irribarre tristeaz esan zenidan liberazioa sentitzen zenuela. Denbora behar izan zenuela zure buruari aitortzeko egia maltzurra, maltzurregia egia izateko.
Bost urte beranduago aitortu zenidan, zenigun, oinaze ezkutu horrek eragin zizula min anker eta bizia, hezurretaraino sartu zitzaizun min bizia.
Maite zaitugu, Joan Mari. Miresmena, errespetua, konplizitatea, elkar-elikatze intelektuala. Ez dut ahaztuko nola etorri zinen 1987an Txagorritxura, premiazko ebakuntzaren ondoren hilabeteko egonaldia eman nuenean ospitalean. "Emakumea eta Literatura" monografikoan parte hartzeko konbentzitu nahi ninduzun. Nola esan ezetz. Jakin-eko maskulinitate omnipresentea eta misoginia zantzuak urtetan kritikatu eta gero, ezin nuen besterik egin. 2014an erreleboa aurkeztu zenutenean, ordea, ikusi duzu, esan zenidan, emakume bat Jakineko zuzendari. Eta nolako emakumea, esan nizun nik, Lorea Agirre, "floriturbo", ia-ia nerabea zela jarri genion ezizena. Orain ezin leporatu misoginiarik, e, Laura? esan zenidan irribarretsu, ziria sartu nahian.
Irribarre alai eta bihurri hori da beti gogoan izango dudana.
Laura Mintegi
2020ko uztailaren 31