top of page

Otsailaren 21ean ugariak dira munduan zehar burutuko diren ekimenak. Euskal Herrian ere bai. Euskal PENek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazpen komuna egin dute bezperan Bilbon:

 

Euskara, guztion etxe, guztiontzat zubi

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
2015eko otsailaren 21a
 
 

      Ama hizkuntza. Lehen hizkuntza. Pertsonak, bizitzaren lehen arnas eta zaintzekin batera jasotzen duen hizkuntza. Beti bihotzean gordeko duen hori. Bizi osoan kilikatuko duen hizkuntza bereena. Mundua ulertzeko eta bizipen nahiz sentimendu sakonenak adierazteko tresna kuttuna.

 

      Hori dena eta askoz ere gehiago da ama hizkuntza, lehen hizkuntza, gutariko bakoitzarentzat. Eta gutariko bakoitzak merezi eta behar dugun errespetu bera merezi eta behar du ama hizkuntzak. Nor bakoitzaren osagarri garrantzitsu bat delako.

 

      Ehundik gora dira euskararen lurralde osoan, geure inguruan, elkarrekin bizi diren ama hizkuntzak. Hiztun gutxi nahiz ugari izan, guztietan eta bakoitzean sartzen da mundu osoa, guztiek eta bakoitzak aberasten gaituzte. Eta gutariko bakoitzak galduko genuke oso gurea den zerbait, hiztun batek bere ama hizkuntzari uko egin beharko balio. Aniztasuna delako, gaurko gizarte eta gizaki gisa, definitzen gaituen balio funtsezkoenetako bat.

 

      Eta aniztasunak, euskal gizartearen ezaugarri garbienetariko horrek, bizikidetza armoniatsuan du garabiderik segu–ruena. Eta euskarak ere halaxe. Euskara baita, bere lurraldeetan, guztion etxea eta guztion arteko zubia. Elkarren errespetuaren gainean eraikitako aniztasunean.

 

      Euskaratik eta euskaraz hizkuntza guztien balioa aitortzen dugu; bihoakie gure begirune aparta euskararen lurraldeko etxeetan –etorri berriak tarteko– hitz egiten diren ehundik gora hizkuntzei. Bihoakie euskararen besarkada, guztiontzat etxe eta zubi den euskararen agurra.

 

 

 

PEN beste talde batzuen ekimenak
 
 
 
bottom of page