82th PEN International-eko kongresuaren kronika
Lutxo Egia, Laura Mintegi eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira Euskal PEN taldearen ordezkariak 2016ko PEN Internationaleko kongresuan. Galiziako Ourense hirian mundu osoko 200 idazle inguru elkartu dira irailaren 26tik 30era bitartean.
Hainbat gai izan dituzte mahai gainean, bakearen, adierazpen askatasunaren eta idazleen jazarpenari buruz. Ekialde Hurbileko egoera, Asian, Errusian, Afrikan edo Latin Amerikan sortzaileek dituzten oztopoak, mendebaldeko herrialdeetako zelatatze-legeak, eta idazle eta kazetarien kasu zehatzak aztertu dira.
Adierazpen askatasunaren funtsezko elementu, hizkuntza-eskubideek ere leku garrantzitsua dute PENeko batzordeen artean, Jazarritako idazleen, Bakearen Aldeko eta Emakumeen batzordeen ondoan. Lan berezia prestatu du Euskal PENek 2016 gurean izaten ari den garrantziari buruz, hizkuntzaren inguruan Donostiako Kultur Hiriburuan antolaturiko ekimenak, Ama Hizkuntzaren Egunarekin prestatutakoetatik abiatu eta abenduan egingo den kongresuraino.
Etxeko eta nazioarteko kontuak uztartuz, azken orduko berri pozgarria ere eraman dugu, Euskal PENeko Honorary Member den Adnan Hassanpour kazetari kurdua libre utzi berri baitute Iranen, hamar urte preso –horietako asko heriotzara zigortuta- eman ondotik. Hassanpourren senideekin elkarlanean egon da urteotan, lehendabizi heriotza zigorra bera kentzeko, eta gerora askatasuna lortzeko. PEN Kurduak Turkiako indar polizial eta armatuen eskutik jasandako erasoen aurrean ere elkartasuna adierazi izan diegu.