WIPC batzordea elkartu da
Rotterdam-en 2019ko maiatzaren 29-31n
Aurtengo PEN Internationaleko Idazle Jazarrien aldeko Batzordeak (WIPC-Writers in Prison Committee) 2019ko maiatzaren 29tik 31ra egin du bilera Herbeheretako Rotterdam hirian, ICORN (International Cities of Refuge Network) erakundearekin batera, eta bien leloa izan da At home Everywhere. Hain zuzen ere, WIPC eta ICORNek aldi berean egiteak eragin du aurtengo batzarra oso ezberdina izatea aurreko edizioetatik. Batetik, partaide kopurua 300tik gorakoa izan delako (PENen kongresu handietan bezain bestekoa) eta, bestetik, partaide gehienak idazleak baino, babes-hirietako ordezkariak izan direlako, bai eta hiri horietan bizi diren idazle, kazetari eta ekintzaile babestu ugari ere. PENeko ordezkariak gutxienak izan dira. ICORN oso erakunde handia bihurtu da eta kide batzuek ez dakite ezta PEN talderik dagoen beraien herrialdean ere.
Kongresu baten tamaina eduki duen arren, dinamika askoz ere praktikoagoa izan da. Kongresu akademikoetako antz handiagoa izan du, sesio paralelo ugarirekin. PENen ohiko kongresuetan ez bezala, laneko sesioetatik aparte ez da antolatu bisitaldi kulturalik. Kideek, ordea, aukera eduki dute hirian egunotan antolatu zuten Freedom Festival of Verhalenhuis Belvedere-ra joateko.
Rotterdam-eko erakunde batzuek eskuzabal babestu dute PEN-ICORN batzarra, batez ere Udalak, non 2009tik Ahmed Aboutaleb bereberea alkatea den. Aboutaleb Marokoko Rifen jaioa da eta 15 urterekin heldu zen Rotterdamera.
Erakunde bakoitzak bilera berezituak egin dituen arren, komunak izan diren saioetan gaitegiak jo du lantzera nola eman babesa jazarritako egileei Europara heldu eta bertan bizitzen gelditzen direnean. Gai orokorrak egon dira (giza eskubideen defentsa, adierazpen askatasunaren aldeko kanpainak), eta gai zehatzak (seguritate digitala, espazio babestuak sortu, traumaren ostean nola egokitu egoera berrira, presiopeko kreatibitatea, herrialde berrian kide berriak egin, planifikatzea erresilientzia da, eta beste).
PEN bileretan bi gai nagusitu dira:
-
nola egin eraginkorragoa PEN zentruetako WIPCeko kideek aurrera daramaten lana.
-
zer egin gobernuei gutunak idazteaz eta ebazpenak igortzeaz gain.
Taldeek adierazi dute hobe dela kasu gutxi hartzea eta horiekin intentsoago jokatzea, segimendu hurbila eginez, familiekin eta abokatuekin egonez, jazartzen duen herrialdera bidaiatuz eta jarraipen zuzena eginez. Berrogei ebazpen egin ordez, emaitzak hobeak izan daitezke hogei badira eta trinkoago landuta. Bestalde, ekimen sortzaileak proposatu dituzte. Talde batek aipatu du lobby batzuetara jo dutela, hala nola Europako Parlamentuaren eta Ekialde Hurbileko Parlamentuen artean dauden zubi-batzorde berezietara. Horrela lortu dute eragitea kasuren batean. Gobernuetara jotzeaz gain, norberaren herrialdean dauden enbaxadetan ere perfomance ikusgarriak egin dituzte, jendaurrean eragina izan dutenak. Beste talde batek adierazi du eguneroko prentsan espazio bat daukala Adierazpen Askatasuna leloarekin, eta ostiralero espazioa handitu eta albisteren bat jartzen dutela.
Kartzelan egondako ekintzaileek, bestetik, azpimarratu dute eragin handia duela kartzelan egon bitartean PENetik jaso duten babesa eta kasu batean baino gehiagotan lortu dela zigorrak arintzea edo laburtzea. Baina zentru batzuek adierazi dute gutunak idazteko gero eta jende gutxiago dutela eta ez diotela eraginkortasun handirik ikusten. Egon da ebazpenak ezabatzearen alde mintzatu den talderik, iraganeko ekimena dela esanda.
Ebazpenak kongresuetan aurkeztu behar dira, Manilan alegia 2019ko urteari dagokiola, eta han berriz ere aztertuko dira ezbazpenen eragina, kopurua eta egokitasuna.
Rotterdam, 2019ko maiatzaren 31