Askatasun Digitalari buruzko Adierazpena

2015

PEN Internationalek literatura eta askatasuna sustatzen ditu eta PEN Karta eta hori gorpuzten duten printzipioak ditu gidari -pentsamenduaren oztoporik gabeko transmisioa, nazio bakoitzaren baitan eta nazio guztien artean.

PENek aintzat hartzen du hedabide digitalen konpromisoa, adierazpen askatasunerako oinarrizko eskubidea betetzeko bide gisa. Era berean, poetak, dramaturgoak, saiogileak, eleberrigileak, idazleak, blogariak eta kazetariak adierazpen askatasunerako eskubideen urraketak sufritzen ari direla hedabide digitalak erabiltzeagatik. Herrialde askotako herritarrek murrizketa zorrotzei egin diete aurre hedabide digitaletara jotzeko eta erabiltzeko; bitartean, gobernuek teknologia digitalak erabili dituzte adierazpen askatasuna ezabatzeko eta norbanakoak zelatatzeko. Sektore pribatuak eta teknologia-konpainiek bereziki batzuetan gobernuei zentsura eta zelatan egotea ahalbidetu diete. Ondorioz, honakoa adierazten du PENek:

 

1. Pertsona guztiek dute hedabide digitaletan askatasunez hitz egiteko eskubidea, errepresalia edo jazarpenei beldurrik gabe.

a. Hedabide digitalak erabiltzen dituztenek erabateko adierazpen askatasuna dute nazioarteko lege eta arauen baitan.

b. Gobernuek ez dute norbanakoen aurka joan behar ez eta errepresaliarik eskatu hedabide digitalen bidez informazio, iritziak edo ideiak adierazten dituzten norbanakoen aurka.

c. Gobernuak era aktiboan babestu behar dute adierazpen askatasuna hedabide digitaletan lege eta arau eraginkorrak aldarrikatuz eta betearaziz.

 

2. Pertsona guztiek daukate eskubidea informazioa hedabide digitaletan bilatzeko eta jasotzeko.

a. Gobernuak ez dute hedabide digitalen edukia zentsuratu, mugatu edo kontrolatu behar, etxeko zein atzerriko iturrietatik datorren edukia barne.

b. Salbuespen egoeretan, hedabide digitalen edukiaren mugapen orok bat egin behar du adierazpen askatasunaren mugak gidatzen dituzten nazioarteko lege eta arauekin, indarkeriara dei egitea esaterako.

c. Gobernuek ez lukete blokeatu beharko hedabide digitalera sarbidea, ez eta erabilera mugatu ere; krisi edo ezegonkortasun aldietan ere ez. Hedabide digitalera sarbidea kontrolatzeak, eskala zabalean batez ere, berekin dakar adierazpen askatasuna urratzea.

d. Gobernuek hedabide digitalera erabateko sarbidea sustatu eta bultzatu beharko lukete pertsona guztientzat.

 

3. Pertsona guztiek dute hedabide digitaletan gobernuaren zelatatik libre izateko eskubidea.

a. Zelatak, helburu duen pertsona zehatzak jakin zein ez, hitza mugatzen du, jazarpen-aukera eta errepresalien beldurra ezartzean. Hura jakina denean, zelatatzeak autozentsura giroa sustatzen du eta adierazpen libreari are kalte handiagoa egiten dio.

b. Arau orokor bezala, gobernuak ez dira norbanako pribatuen arteko komunikazio digitaletan sartzen saiatu behar, ez eta hedabide digitalen erabilera pertsonala kontrolatzen, hedabide digitaletan norbanakoen mugimenduei jarraitzen edo, oro har norbanakoak zelatatzen.

c. Gobernuek zelata egitean -salbuespenezko baldintzetan eta segurtasun indarren edo segurtasun nazionaleko ikerketa zilegiekin lotuta-, hedabide digitalen bidez egindako norbanakoen zelata eta komunikazioen kontrola, ikerketa zilegiei dagozkien nazioarteko beharrezko prozedura lege eta arauak estandarrak betez egin behar dira, hala nola agindu judiziala lortzen.

d. Adierazpen askatasun osoak pribatutasunerako eskubidea dakar; pribatutasunerako dauden nazioarteko lege eta arau guztiak hedabide digitalei ere badagozkie, eta baliteke lege, arau eta babes berriak ere behar izatea.

e. Hedabide digitalek sortutako datuen eta bestelako informazioen bilketa eta atxikitzea, baita datuak berreskuratzea ere, nazioarteko pribatutasun lege eta arauen baitan egin behar da, hala nola datuak atxikitzeak beharrezko izatea denboran mugatua eta neurrizkoa izatea, eta eragiten dien pertsonei modu eraginkorrean jakinaraztea.  

 

4. Sektore pribatua eta, enpresa teknologikoak batez ere, adierazpen askatasunerako eskubidera eta giza-eskubideetara behartuta daude.

a. Adierazpen honetan jasotako printzipioek berdien eragiten diote sektore pribatuari.

b. Enpresek giza-eskubideak errespetatu behar dituzte, adierazpen-askatasunerako eskubidea barne, eta eskubide horien alde egin behar dute, baita lege eta arau nazionalek horiek babesten ez dituztenean ere.

c. Enpresa teknologikoek zehaztu beharra daukate beren produktu, zerbitzu eta politikek nola eragiten dieten giza eskubideei jardun nahi duten herrialdeetan. Eskubideok urratzeko aukera balego, edo eta horien urraketa produktu edo zerbitzu horien erabilerara halabeharrez lotuta balego, enpresa horiek beren planak aldatu edo baztertu egin behar dituzte, giza-eskubideak errespetatzeko.

d. Enpresa teknologikoek adierazpen-askatasunaren printzipioak sartu beharko lituzkete beren oinarrizko operazioetan, adibidez pribatutasunaren babesa barne hartzen duten produktuak diseinatzea.

e. Beren operazioek adierazpen askatasunerako eskubidea urratu dutela ikusiz gero, teknologia-enpresek kalte-ordainak eman beharko liekete eskubideak urratu dizkieten pertsonei, baita gobernuek konponbiderik ematen ez dutenetan ere.