Irudimenaren Demokraziaren Manifestua
2019
Honako hauek aurkeztu zuten: Jennifer Clement ―PEN International-eko presidentea―; Per Wästberg ―PEN International-eko ohorezko presidentea eta Literaturaren Nobel sariaren batzordeburua―; Eric Lax, Nayantara Sahgal eta Ngugi Wa Thiong’o ―PEN International-eko presidenteordeak―; eta Paul Muldoon ―AEBko PEN Zentroko batzordekidea―. Irudimenaren Demokraziaren Manifestua PEN International-en LXXXV. Kongresuan onetsi zen, Manilan, 2019an.
​
PEN International-en Gutunaren hasierak dio literaturak ez daukala mugarik. Benetako mugez dihardu, bai eta garrantzi gutxiago ez duten imajinatutakoez ere.
​
Elkarri entzun, irakurri eta ikastea eragoztea helburu duten garbikeria nazionalaren eta kulturalaren ideien aurka dago PEN International. Zentsura mota maltzurrenetakoa autozentsura da: irudimenaren inguruan eraikitzen dira harresiak, eta, sarritan, erasoen beldurrez altxatzen dira.
​
Irudimenak munduan duten lekutik harago joatea ahalbidetzen die idazleei eta irakurleei PENen ustez, besteen ideiak barneratzeko. Leku hori espetxea izan da idazle batzuentzat; hor irudimenak barne-askatasuna esan nahi izan du, baita, sarritan, biziraupena ere.
​
Irudimena aurkikuntzen lurraldea da, norberak sortu ahala jaiotzen baitira ideiak. Metaforan eta similean aurki daitekeen kontraesanaren elkargunean bizi ohi dira pertsonen esperientzia sakonenak.
​
Ia 100 urte daramatza PENek adierazpen-askatasunaren alde. Irudimen enpatikoaren askatasunean sinesten du halaber, haren alde dihardu PENek, eta aitortzen du askoren istorioak bestek kontatu dituztela eta ez euren ahotsek.
​
PEN International-ek honako printzipio hauei eusten die:
​
• Irudimena defendatzen dugu, eta ametsak bezain librea dela sinesten dugu.
​
• Askok euren istorioak kontatzeko dituzten oztopoak aitortzen ditugu, eta haiei aurre egiten saiatzen gara.
​
• Irudimena giza esperientzia osoan sartzen dela sinesten dugu, eta uko egiten diogu denbora, leku edo jatorriagatik mugatzeari.
​
• Badakigu irudimena mugatzeko ahaleginek xenofobia, gorrotoa eta zatiketa ekar ditzaketela.
​
• Literaturak benetako eta imajinatutako mugak zeharkatzen ditu, eta beti dago unibertsalaren eremuan.
​