top of page

Naturaren Defentsan Manifestua
2025

PEN INTERNATIONAL-EN MANIFESTUA, NATURAREN DEFENTSAN

 

PEN Gutunak dio literaturak ez duela mugarik ezagutzen, eta, artearekin bezalaxe, naturarekin ere hala gertatzen da. Ibaiak, txoriak edo oxigeno-molekulak ez dira gelditzen kontrol-puntu edota muga batera iristen direnean. Halako hesiek, gainera, ez diote inolako ongirik egiten naturari —gizatiarra izan ala ez—.

Lekukotza-lanari dagokionez, idazleak funtsezko ezagutzaren zimendua dira. PEN erakundetik defendatu, ohoratu eta babestu egiten ditugu gure planetaren suntsipenari buruz —sarri arriskupean— izkiriatzen duten idazleak, bai eta oraindik konpon daitekeena konpontzeko beharrari buruz izkiriatzen dutenak ere.

Literaturak eta irudimenak natura babesten dutenez gero, PENek haien garrantzian sinesten du. Badakigu poetak arrosa bat digula oparitzen, baina, guri ez ezik, bere buruari ere. Honatx gure galdera: maitatzea posible ote ilargiaren ispilu aratzik gabe?

Idazle eta poeta garen aldetik, naturaren aurkako ekintzat deitoratzen ditugu, natura delako gure musarik gorena.

 

PEN ERATZEN DUTEN PERTSONEK

​

1. Badakite hizkuntzari buruz esaten den gauza berbera esan daitekeela naturari buruz: gure naturaren mugak gure munduaren mugak dira.

2. Aitortzen dute hasiera-hasieran natura zegoela, eta gero gizakiak agertu zirela. Naturarekin bat egiteko gaude hemen, eta ez hura suntsitzeko; izan ere, hala eginez gero, geure izatasunaren muina suntsituko dugu, hain zuzen.

3. Ulertzen dute naturak izaki oro barne hartzen duela, izan hondar-ale soil bat, izan urruneko izarrak. Ez gara haiek baino zaharragoak, eta ezin aldarrikatu haiek baino luzeago biziko garenik.

4. Idatzi, irakurri eta ekin egiten dute jakinik mundu osoko zibilizazioek bizimodu harmoniatsuagoa behar dutela etorkizunean; hots, biziak naturan ardaztu behar duela, hura hondatu gabe, eta biziak, halaber, naturaren konplexutasuna errespetatu behar duela, hura kaltetu beharrean.

5. Helburutzat dute natura inspirazio bizidun moduan iraunaraztea, natura ez baita aspaldi desagertu eta galdu den iraganeko zerbait.

6. Gizaki aske gisa bizi nahi dute naturan, eta ez haren gainetik. Benetako askatasuna eta berdintasuna erdiesteko, gizakiok naturaren zati garela aitortu behar dugu.

7. Justizia eskatzen dute izatasunaren alor orotan, eta, horretarako, natura zuzentasunez eta errespetuz tratatu behar da.

8. Natura defendatzen dute norbanakoen, korporazioen edo gobernuen ekintza kaltegarriaren aurka.

9. Hizkuntza partekatu batekin balioesten dituzte askatasuna, bakea eta natura, guztiak ere loturik daudelako eta elkarren isla direlako.

10. Naturaren askatasuna aldarrikatzen dute.

  • Facebook
  • YouTube
  • X
 LMk sortua, 2015
Laguntzaileak: Supported by:
logo EMAKUNDE_negro-01.png
Etxepare logoa 2024.png
CC.png
Gune interesgarriak / Interesting websites:
basquebooks.eus.png
euskalidazleenelkartea.jpg
eke.png
bottom of page