Egile Eskubideen Manifestua

2016

Jennifer Clementek ―Pen International-eko presidenteak― eta Zoë Rodriguezek ―Bilaketa Batzordeko buruak― aurkeztu zuten Egile Eskubideen Manifestua, PEN International-en LXXXII. Kongresuan, Ourensen, 2016an.

Britainia Handiko Ana erreginaren Estatutua ―egile-eskubideei buruzko lehen legea― 1709an onetsi zenetik, jabetza intelektuala babesteko legeak aldarrikatu behar direla aitortu du gizakiak. 1886an, Literatura eta Arte Lanen Babeserako Bernako Hitzarmena onetsi zen, Victor Hugoren laguntzarekin, besteak beste. Ideia aurrerakoi bat izan zen orduan, eta hala izaten jarraitzen du gaur egun; izan ere, argi utzi zuen norbanakoaren sorkuntzek eta aurkikuntzek gizateria osoaren garapena ahalbidetzen dutela.

Egileen burujabetza ekonomikoak eta autonomiak berebiziko garrantzia dute adierazpen-askatasunean. Gainera, ahotsen aniztasuna bultzatzen dute, eta horrek demokrazia sustatzen du trukean.

Egileei ez badiegu uzten beren sorkuntza-lanetatik diru-saririk irabazten, lanen balioa eta egileen mantenua ari gara ukatzen. Egile baten jabetza intelektuala erabili baina dagokion prezioan ordaintzen ez bada ―egile-eskubideak legez salbuetsita ez daudenean―, jabetza intelektuala lapurtzen arituko gara orduan.

 

PEN International-en ustez, egile-eskubideak arrisku bizian daude teknologia, politika eta lege berrien eraginez gaur egun, sekula egon ez diren moduan gainera. PEN erakundeak egile-eskubideen babesa berresten du mundu osoko idazle guztientzat, eta honako hau adierazten du:

 

1. Egilea da bere lanen interes moralen eta egile-eskubideen interesen jabe, eskubideok iraungi arte.

2. Egile-eskubideen barruan sartzen dira lanekin egiten diren erabilera hauek: kopiak (analogikoak nahiz digitalak), egokitzapenak (itzulpenak barne), argitalpenak, antzezpenak eta erabilera digitala (hau da, lanak edozein bide digitaletan zehar eta edozein plataforma digitaletan transmititzea).

3. Eskubide moralen barruan, aldiz, hauek sartzen dira: alde batetik, egileari bere lanaren egiletza aitortzeko eskubidea ―eta, halaber, egileari bereak ez diren lanen egiletza ez aitortzekoa―, eta, bestetik, egilearen lana mespretxatzen ez dela bermatzeko eskubidea, egilearen ospearentzat kaltegarria izan daitekeelakoan.

4. Egileak eskubidea du bere lanen egile-eskubideak askatasunez salerosteko.

5. Egilearen erabakia da bere lanak erabiltzeagatik kobratzea ala ez, eta, baietz bada, zenbat kobratuko duen.

6. PEN International-ek onartzen du zenbait kasutan gobernuek erabaki dezaketela interes orokorrekoa dela lan baten egile-eskubideak salbuestea. Salbuespen horiek, halere, ezin dituzte modu bidegabean kaltetu egilearen legezko interes moral eta ekonomikoak. Adibidez:

 

• Lanak ez badaude salgai irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako formatu egokian, herrialde bakoitzeko legeek salbuespenak egin beharko dituzte irakurtzeko zailtasunak dituen pertsonak lanaren kopia bat egin dezan edo beste norbaitek irakurtzeko zailtasunak dituenari kopia bat egin diezaion formatu egoki batean. Kasu horretan, bada, ez lirateke egile-eskubideak urratuko. Irakurtzeko arazoak dituen norbaiti kopia bat egin aurretik, ondo begiratu behar da ez dagoela salgai kopia egokirik.


• Epaileen erabakiek, legeek, arauek eta bestelako estatutu-tresnek herritarren esku egon behar dute halabeharrez. Beraz, ez da legerik urratuko lan horiek hitzez hitz eta zuzenketarik egin gabe kopiatuz gero.

7. Egileak bere lanaren gainean dituen legezko interes ekonomikoen barruan sartzen dira lana saltzeko egokiak diren merkatu guztiak.

8. Egile-eskubideei buruzko legeek lanei aplikatzen zaizkien Eskubide Digitalen kudeaketa-sistemak babestu behar dituzte, egile-eskubideen jabeek egile-eskubideak balia ditzaten beren lanetan.

9. Pirateriatzat jotzen da lanen kopia digitalak eskala handian egitea, lanok salbuetsita ez daudenean edo egilearen baimenik gabe kopiatu direnean. Herrialde bakoitzeko legeek neurri zigortzaile egokiak ezarri behar dituzte pirateriari aurka egiteko, baina, era berean, lanetara legeak betez irits daitekeela bermatuz.