top of page

 

Quebec-eko Adierazpena 

literatur itzulpenari eta itzultzaileei buruzkoa

John Ralston Saulek ―Pen International-eko presidenteak―, Simona Škrabecek ―Itzulpenaren eta Hizkuntza Eskubideen Batzordeko buruak― eta Émile Martelek ―Quebeceko PEN Zentroko presidenteak― aurkeztu zuten Literatura-itzulpenari eta itzultzaileei buruzko Quebeceko Adierazpena, eta PEN International-en LXXXI. Kongresuan onetsi zen, Quebec hirian, 2015ean.

PENen helburua da adierazpena ahalik eta hizkuntza gehienetan irakurri ahal izatea, eta espero dugu beste instituzio eta erakunde batzuek adierazpenaren printzipioak bere egingo dituztela eta horiek defendatzen eta zabaltzen lagunduko digutela. Quebeceko Adierazpena PEN International-en estrategia zabalaren barruan sartzen da, literatura-sorkuntza eta kulturen arteko elkarlana sustatzeko.

1. Literatura-itzulpena pasioz egiten den arte bat da. Zabalkunderako balioak sustatuz, unibertsaltasunerako eta kulturen arteko elkarrizketarako aukera ematen du itzulpenak. Bake- eta askatasun-iturri da, eta injustiziari, intolerantziari eta zentsurari aurre egiten die.

2. Itzulpenak ez du esanahi bera kultura orotan. Batzuek hala nahi dutelako itzultzen dute; beste batzuek, berriz, behartuta. Hizkuntzak eta kulturak babesten laguntzen du itzulpenak.

3. Autoreei eta jatorrizko obrei errespetua diete itzultzaileek, eta testu bat birsortu baino zerbait gehiago egiten dute: sortzaile eskudun diren aldetik, luzatu egiten dute denboran, aurrerantz eginarazten diote. Mezulari baino gehiago dira, besteen ahotsa daramate, betiere berena galdu gabe. Hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren alde egiten dute, eta, horrela, konpromiso berezia hartzen dute autore, estilo eta talde zapalduekiko.

4. Itzultzaileen eskubideak babestu egin behar dira. Gobernuek, argitaletxeek, komunikabideek eta enplegatzaileek itzultzaileari aitortza egin eta haren izena aipatu behar dute, itzultzailearen estatusa eta beharrak errespetatu behar dituzte, eta bidezko ordainsaria eta lan-baldintza duinak eman behar dizkiote, itzulpenaren formatua zeinahi delarik ere: papera, digitala edota ikus-entzunezkoa.

5. Itzultzailearen osotasun fisikoa eta adierazpen-askatasuna ez dira sekula urratu behar.

6. Gaitasun eta trebetasun jakin batzuen jabe dira itzultzaileak, eta, sortzaile diren heinean, errespetua izan behar zaie, eta beren itzulpen-lanari buruzko erabakietan parte hartzeko eskatu. Itzultzaileak baitira beren itzulpenen jabe.

 

 

Itzulpena: Garai Arrula Ruiz

bottom of page