top of page

Euskal PEN
Hastapena eta lehen ibilerak

          Euskaltzaindia sortu eta gutxira, 1921ean, PEN International elkartea sortu zen Londresen, hasiera batean PEN izen soilaz (Poets, Essayists, Novelists akronimotik). Denbora laburrean arin hazi zen elkartea, 4 urtean 25 PEN zentru baitziren Europan eta 1931rako Latinoamerikan eta Txinan ere bazituen zentruak. Egun, 150 zentru dira 100 herrialde baino gehiagotan hedatuta, eta, 25.000 inguru idazle biltzen dit

 

          Euskaldunak 1950ean ekin zioten PEN zentrua sortzeari. Manuel de Irujok Luis Vilallongari gutunez azaldu zionez, iniziatiba Argentinan sortu zen. Instituto Argentino de Estudios Vascos eta Ekin argitaletxearen inguruan biltzen ziren idazleek plazaratu zuten PEN taldea sortzeko ideia, eta idazle haiek eratu zuten lehenengo penkideen zerrenda. Horietariko batzuek osatuko zuten lehenengo zuzendaritza (Irujo, Zaitegi, Garate, Lopez Mendizabal, Fagoaga) baina baziren beste hainbat idazle edo kazetari izena eman zutenak, horien artean Bernardo, Mariano eta Jose Estornes Lasa anaiak, Andres de Irujo, Jose Antonio Agirre eta Jesus Galindez.

          Laster, baina, beste idazle asko elkartu ziren proiektuan. Lehenik, Lapurdiko idazleak elkartu ziren. Manuel de Irujok laguntza eskatu zion Manuel de Intxaustiri idazle gehiagoren izenak emateko, eta Intxaustik emandako zerrenda Irujok igorri zion Manu de la Sotari: Pierre Lhande, Louis Dassance, Etienne Salaberry, Pierre Larzabal, Jean Diharce eta Jean Jauregiberry ditugu ezagunenak. Argentinan bizi ziren idazleek garrantzitsutzat jotzen zuten PEN Euskal Bilkuraren egoitza Euska Herrian kokatuta egotea, eta Manuel de la Sotaren etxean kokatu zen elkarte berria, Miarritzeko Etcheperdia helbidean.

          Lapurdiko idazleez gain, Parisko Euzko Ikasle Alkartasuna-ko ikasleek ere 12 izen gehitu zioten zerrendari, eta Mexikotik beste sei idazlek eman zuten izena, Andoni Azua "Ogoñope"k Ibiñagabeitiari jakinarazi zionez. Han sortu zuten Mexico'ko PEN Euskal Bilkura izeneko taldea.

Hego Euskal Herriko idazlerik ez

          Hego Euskal Herrian bizi ziren idazleei ez zieten gonbiterik egin. Andima Ibiñagabeitiak azaldu zituen arrazoiak Euzko Gogoan aldizkarian 1951ean argitara eman zuen artikulu batean:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

          Hilabete gutxitan kontaktu ugari egin eta gero, lehen bilerarako deialdia egin zuten Parisen 1951eko martxoaren 24an, "11, Av. Marceau-n, Paris XVI, arratsaldeko 5 orenetan", hain zuzen ere Groupe Parlementaire Basque, Délégation d'Euzkadi"ko egoitzan. Idazle askok adierazi zuten joan ezina, urrun bizi baitziren, eta joandakoen artean erabaki zuten nola osatu Zuzendaritza Batzordea eta Idazkaritza.

Sebero Altuberi eskatu zion buru izateko eta Altubek, 72 urte betetzeko zegoela, honela erantzun zion Andima Ibiñagabeitiari Pabetik, Pako Suduperi esker eskuratu dugun gutunean:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

          Garaiko prentsan eta barneko dokumentazioan jasota gelditu zenez, idazle hauekin osatu zen PEN Euskal Bilkuraren lehenengo zuzendaritza taldea: Sebero Altube, Jean Elissalde, Henri Gavel, Justo Garate, Nicolas de Ormaetxea 'Orixe', Pierre Lafitte, Isaka Lopez de Mendizabal, Jokin Zaitegi, Michel Etcheverri, Xabier Iratzeder, Isidoro Fagoaga, Manuel de Irujo, Xabier Landaburu eta Manuel de la Sota. Eta idazkari bi izendatu zituzten, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande.

 

Elkarte berriaren helburuak

          Euzko Gogoan argitaratu zuen artikuluan, Ibiñagabeitiak eman zuen aditzera Euskal PEN Bilkuraren helburua.

 

 

 

 

 

 

 

         

          Helburua argi, PEN International-eko idazkaritzarekin jarri ziren kontaktuan eta lehen-lehen unetik laguntza handia bereganatu zuten PEN Catalá-ren aldetik. 1923an sortu zen PEN Catalá zentrua, munduan hirugarrena, eta Batista i Roca Kataluniako ordezkariak erraztu zituen harremanak Londreseko zentralarekin.

          Angel de Gondrak, Euzko Gobernuak Londresen zuen ordezkariak, bidali zizkion dokumentuak Hermon Ould PEN International-eko idazkariari. Luis Villalonga arduratu zen Miarritzen dokumentuak prestatzen, Manuel de Irujok Parisetik eskatuta: estatutuak, idazleen zerrenda, proiektua (hizkuntzaren garrantzia azpimarratuta), eta kidetze-inprimakia.

          Izapideak eginda, euskal ordezkariak 22. PEN kongresura joan ziren, Edinburgora, 1950eko abuztuaren 22-28an. PEN Euskal Bilkura aho batez izan zen onartua, bozketarik egin gabe eta txaloaldiaren bidez.

 

          Espainiak ez zuen PEN talderik, ezta Portugalek ere. Aurreko urtean, 1949an alegia, Italiako kongresuan aintzat hartu zen Jorge Semprunen proposamena, eta Espainiatik erbesteratuta zeuden idazleek PEN taldea sortzea onartu zen. Hala, eskoziarrek Edinburgora gonbidatu zituzten bi idazle ezagun, bata katalana eta bestea espainiarra. Espainiarra Jacinto Benavente zen. Aurretik, gonbidapenaz galdetu zieten Salvador de Madariagari eta Carles Pi i Sunyer katalanari, eta biek esan zuten (bakoitzak bere aldetik) ondo iruditzen zitzaiela idazle katalana gonbidatzea, baina ez Benavente, "por su conocido cretinismo". Hala ere, eskoziarrek idazle biak gonbidatu zituzten kongresura eta, protesta gisa, ez idazle katalana, ez idazle espainiar emigratuak, ez ziren Edinburgon azaldu. 

 

Demari eutsi ezinean

          Hurrengo kongresua, 23.a, Lausannen izan zen, 1951eko ekainaren 22tik 28ra eta ordurako euskal idazleek bazuten zailtasuna norbait bidaltzeko ordezkari. Manu de la Sotari egin zioten eskaera.

          Ez dago konstantziarik ordezkaririk bidali zenik Suitzara.

          1952an David Carver nazioarteko idazkari berriak pare bat gutun igorri zien idazkariei galdetzeko ea zer nolako jarduerak egiten zituen PEN Euskal Bilkurak azken urtean, ez baitzuten euskal idazleen berri eta txostena ari ziren prestatzen Nizan burutuko zen 24. kongresuari begira. Nizako kongresuan ez zen euskal ordezkaririk egon.

          1953ko ekainaren 8-13 artean Dublin eta Belfast-en egin zen 25. kongresura ere euskal ordezkariak ez ziren joan. Eta 1954ean Amsterdam-en antolatu zenera ere ez.

          1954an Andima Ibiñagabeitia Guatemalara joan zen Zaitegi laguntzera Euzko Gogoa argitaratzen, eta ordutik aurrera galdu egiten da edozein arrasto PEN Euskal Bilkuraz.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

                                                                     

 

 

 

 

 

                                                                      Ezkerrean Ibiñagabeitia, erdian Zaitegi eta eskuinean Orixe, Guatemalan, 1954an.

 

Ondorengo bizialdiak

          1987an berriz sortu zen PEN Euskal Herrian, oraingo horretan Euskal PEN Kluba izenaz. Idazle ezagunek osatu zuten taldea: Jean Louis Davant, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi', Bitoriano Gandiaga, Jose Azurmendi, Txomin Peillen, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Laura Mintegi, Joxe Agustin Arrieta, Martin Ugalde, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Patxi Zabaleta Juan Mari Lekuona, Mikel Antza, Patri Urkizu, Manex Goienetxe, Xabier Mendiguren, Pablo Sastre, Xarles Bidegain, Josu Landa, Xabier Montoia eta Josemari Velez de Mendizabal.

 

          Talde honek bi urteko iraupena izan zuen. Josu Landa, Pablo Sastre eta Laura Mintegi aritu ziren nazioarteko bileretan, Cambridge, Puerto Rico eta Maastrich-en, baina 1989tik aurrera nazioarteko bileretera joateari utzi zioten, ez baitzuten baliabide ekonomikorik taldeari eusteko.

 

          2004ko otsailean PEN Catalá-ko Carme Arenas eta Carles Torner Euskal Herrira etorri eta idazle euskaldunak adoretzen saiatu ziren PEN zentrua berriz sortzeko. Idazle batzuek dema hartu eta apirilaren 23an Donostian egindako bileran erabaki zuten hirugarrenez sortzea Euskal PEN-Basque PEN.

Txomin Peillen izendatu zuten ohorezko lehendakari, eta idazle hauek osatu zuten Zuzendaritza Batzordea: Laura Mintegi, Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez, Lutxo Egia, Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Teresa Toda. Azken 14 urte hauetan beste idazle batzuk aritu dira zuzendaritzan, horien artean Paul Bilbao, Juanjo Ispizua, Hasier Rekondo, Joseba Tobar-Arbulu eta Gari Berasaluze. Bereziki aipatzekoa da Urtzi Urrutikoetxeak azken urteotan bereganatu duen lan erraldoia.

Esan bezala, 2004ko apirilean taldea osatu eta irailean Iturralde eta Mintegi joan ziren Tromso-ko (Norvegia) 70. kongresura zentrua sortzeko onespenaren bila. 1950ean bezalaxe, Euskal PEN zentrua aho batez izan zen onartua, bozketarik egin gabe eta txaloaldiaren bidez.

 

          2004tik joan diren 14 urte hauetan, Euskal PENek behin ere ez dio utzi urteroko kongresura joateari eta, horrez gain, batzordetako bilera ugaritara ere joan izan da. Denetara 48 nazioarteko bileretan hartu izan du parte, eta berebiziko protagonismoa izan du Writers in Prison Committee eta Translations & Linguistic Rights Committee delako batzordeetan.

          Datorren urtean 15 urte beteko ditu Euskal PEN-Basque PEN taldeak, eta oraindio tinko mantentzen du 1951ean Ibiñagabeitiak zioen hura: "garaia genun, noizbait ere, oskola apurtu eta geure mami-guria arrotz-errietan erakusteko, beurena bezin goxo ta guria zala ikus zezaten".

 

Laura Mintegi Lakarra

Euskal PEN-Basque PEN

2018ko maiatza

          Xubero'n Benaparra'n ta Laburdi'n ate ioka iardun genun, eta ateak iriparre ta txerarik goxoenaz iriki zitzaizkigun. Ezin aterik yo ordea, Napar, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian arkitzen diran idazleen baitan. Aintxe dauzkagu ainbeste idazle, ta onenak alajaña. Uzkur ginduzun, norbaitek gure oiuak politikatzat edo artuko ez ote zitun. Bildur giñan gure deiak idazle maiteen eskuetara ez edo ziran elduko. Ikara ere bai, idazleei okerrekorik gertatuko ez ote zitzaien. Ez gera erabe, izatez beintzat, bainan ez genion iñori ere kalterik egin nai.

         Ene adiskide on: Artu det illonen 2´gko zure karta. "Pen Euskal Bilkura"ren Komite Nagusiko burukide izatea ontzat artzen detan ziraustazu. Bai bein; baiña burukidetza orrek balekarke noizik-noizera ara edo ona norbera joan bear izatea, eta ola balitz, gaitz nuke kondizio ori betetzea, ene osasun makaltxo onek ezpaitit uzten joan-etorrietan ibiltzea.

          Or dezu ba nere erantzuna: baldin ene ezintza ori eragozpen ezpada, ontzat artzen det izentatze ori, bestela utzi egin bear. Dana-dala milla esker eskeintza orrezaz ooratu nauten lagun orori.

Agur eta agindu

1 1951 Sebero Altube copy.jpg

Sebero Altubek Andima Ibiñagabeitiari Pabetik idatzitako gutuna, 1951ko apirilaren 5ean

        Euskal idazleak, aspaldi ontan, atzerriko idazle batzarretatik aldenduta bizi giñan. Gure artean sortu idazlanen berri, Euzkadi'ko mugartean kokatu oi zan, oskol-zailaren barnean eltzaur-mami guria bezelatsu.

        Zorionez, gurean ere idazleek lan aipagarririk erron dute, baita gizon azkarrik ere erne izan da. Zoritxarrez, ordea, aien ezagupidea etzan gure ibar eta landetatik kanpora egaldatu. Garaia genun, noizbait ere, oskola apurtu eta geure mami-guria arrotz-errietan erakusteko, beurena bezin goxo ta guria zala ikus zezaten.

"Querido amigo: aunque vislumbro su negativa, me parece indispensable el hacerle una proposición (…). En cuanto al financiamiento de su viaje, le voy a ser muy franco. No contamos con ni siquiera un franco, pero preveo que podremos hacer frente a los mismos sin no ante por lo menos post partum".

9 andima_zaitegi_orixe copy.jpg

Artikulu hau ERLEA aldizkarian argitaratu zen 12. zenbakian 2018an

bottom of page