top of page

Petra Elser eta Maria Colera itzultzaileek TaLRC batzordean hartu dute parte

      Petra Elser eta Maria Colera Bartzelonan egon dira PEN Internationaleko Hizkuntza-Eskubideen eta Itzulpengintza Batzordearen bileran eta bertan eztabaidatu da Itzulpengintzari eta itzultzaileei buruzko Quebec-eko adierazpenaren zirriborroa.

 

      PEN Internationaleko Hizkuntza-Eskubideen eta Itzulpengintza Batzordearen bilera izan da Bartzelonan, Sant Jordi liburu azokarekin batera, apirilaren 21etik 23ra. PEN Català-k antolatu du, 2008an batzorde horren ardura hartu zuenetik egin izan duen legez (Josep Maria Terricabras izan zen arduradun 2014 arte, eta Simona Škrabec da orain).

 

      Urte garrantzitsua da aurtengoa batzorde honentzat, Itzulpengintzari eta itzultzaileei buruzko manifestua onartzeko helburua baitauka. Quebec-eko adierazpena izango du dokumentuak, Ipar Amerikako hiri horretan urrian egingo den PEN kongresuan onartzea espero baita. Adierazpenaren zirriborroa osatuta dago, eta Bartzelonako bilera hau izan da testua eztabaidatzeko leku garrantzitsuena.

 

      Gaiak Euskal Herrian, euskaran eta euskal kulturan eta literaturan duen garrantziaz jabetuta, Euskal PENek EIZIEra (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) jo du, Quebec-eko adierazpenera begira elkarlanean aritzeko. Horri esker, Petra Elser eta Maria Colera itzultzaileak izan dira Bartzelonan egunotan adierazpen garrantzitsu horri gure ekarpenak egiteko.

 

      Apirilaren 21eko irekiera ekitaldiaren ostean, 22an eta 23an izan dira bilera nagusiak. Asteazkenean datozen hiletako egitasmoez eztabaidatu ondoren, bi mahai-inguru interesgarri izan dira: Hitz idatzia eta Ahozkotasuna izenekoan parte hartu du Petra Elserek, PEN Esloveniako Marjan Strojan eta SIL elkarteko Dave Pearsonekin batera. Ostegun goizean Quebec-eko adierazpenaren eztabaida saioa egon da, eta Sant Jordi eguneko harrera  izan dute PENkideek.

 

      Lehen ere, 2011n Hizkuntza-Eskubideei buruzko Gironako manifestuan parte hartze zuzena izan zuen Euskal PENek, eta Kontseiluarekin elkarlanean ari izan gara eremu horretan. Hemen duzue irakurgai, euskaraz eta ingelesez.

 

Informazio zehatzago, eta jardunaldiaren programa osoa, katalanez eta ingelesez, PEN Català-ko webgunean.

 

bottom of page