Nortzuk gara
ZER DA EUSKAL PEN?
1950eko abuztuan Edinburgh-en (Eskozia) PENek egin zuen 22. kongresuan onartu zen PEN Euskal Bilkura (PEN Club Vasco Idazkortz). Sortzaile eta bultzatzaile nagusiak izan ziren Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Manuel de Irujo, Jon Mirande, Txomin Peillen, Federico Krutwig, Pierre Lhande, Louis Dassance, Etienne Salaberry, Pierre Larzabal, Jean Diharce, Jean Jauregiberry eta Sebero Altube, besteak beste.
Miarritzeko Etcheperdian ezarri zuten egoitza, eta lehen bilera Parisko Av. Marceau 11ko jauregian egin zuten 1951eko martxoan. Aurrerantzean bertatik jardun zuten. PENen egun ofiziala San Francisco Javier eguna zen, abenduaren 3an alegia. Bizialdi laburreko bizialdia izan zuen, bizpahiru urtekoa.
1987an berriz egin zen ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz. Garaiko 23 idazle entzutetsuk izena eman arren, ez zuen egitura sendorik sortu eta orduan ere bizpahiru urteko bizialdia izan zuen.
2004an berriz ekin zioten Euskal PEN Kluba sortzeko ahaleginari, PEN Catalá-ren bultzadaz, 2003tik indartsu ari baitziren Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera nazioartean salatzen. 2004ko apirilaren 23an 100 idazle inguru bildu ziren eta urte berean Tromson (Norvegia) nazioartean onartu zen, 70. PEN kongresuan.
Ordutik eta gaur arte, Basque PEN izenaz da ezaguna nazioartean.
2021an, PEN International-ek mendeurrena ospatzeko egin zuen liburuaren harira, Euskal PENek ere bere historia osoa laburbiltzen duen argitalpena egin zuen.
ZER DA PEN INTERNATIONAL?
PEN International 1921ean sortu zen Londresen (Erresuma Batua), PEN izen soilarekin. Gaur egun, bost kontinentetan eta 100 herrialde baino gehiagotan jarduten du; 130 zentro baino gehiago ditu, eta zentro horiek pentsamenduaren transmisio askea babesten dute, bai nazio bakoitzaren barruan, bai nazio guztien artean ere.
PEN siglak, jatorriz, Poets, Essayists eta Novelists (poetak, saiogileak eta nobelagileak) hitzak hartzen zituen, baina, gaur egun, kazetariak, itzultzaileak, editoreak edo letren edozein eremutan aritzen diren profesionalak ere izan daitezke kideak.
PEN politikoki independentea da eta UNESCOrekin kontsultarako harreman informalak ditu.
PEN goreneko organoa, Ordezkarien Asanblada, eta bost batzorderen bidez jarduten du: Writers in Prison, Translation and Linguistic Rights, Women Writers, Writers for Peace eta Young Writers.
PENen lelo nagusia da “Literaturak ez du mugarik”. PENkide guztiek PEN Gutuna sinatzen dute. Gutun horrek adierazten du kide guztiek duten konpromisoa ideien truke askea babesteko eta literaturaren balioa sustatzeko.


