top of page

Idaztea garesti ordaintzen da

Azaroaren 15ean mundu osoan gogoratzen da Idazle Jazarriaren Nazioarteko Eguna

 

     

 

Garesti ordaintzen da idaztea. Hemen eta munduan. Munduan eta hemen. Urtero, azaroaren 15ean, aurten 35.ez, Idazle Jazarriaren Nazioarteko Egunean gogorarazten dira hitza erabiltzeagatik jazartzen dituzten idazle eta kazetariak. Zenbat eta eskasagoa izan herrialde baten sistema politikoa, are eta ugari eta larriagoak izaten dira adierazpenaren aurkako urraketak. Iaztik 35 idazle eta kazetari hil dituzte 19 estatutan. Munduan egiten diren urraketen zerrendatik PEN Internationalek bost kasu nabarmentzen ditu urtero, horien bidez salatzeko idazle eta kazetarien aurka egin diren eraso guztiak. Hauexek dira aurten nabarmendu diren kasuak:

 

1.          Dieudonné Enoh Meyomesse (Kamerun), poeta. Urregorria lapurtzeagatik zazpi urteko zigorra betetzen ari da, baina PENen ikerketaren arabera hauspo politikoa du leporatutako delituak.

 

2.          Nelson Aguilera (Paraguay), idazle eta irakasleari 30 hilabeteko espetxealdia ezarri zaio beste idazle baten nobela plagiatzeagatik, nahiz eta aditu ugarik plagiorik ez dagoela adierazi duten.

 

3.          Gao Yu (Txina), kazetaria, bi astez desagerturik egon ostean, poliziak baieztatu zuen atxilotuta zegoela estatu-sekretuak isilean emateagatik. Agertu zen egunean telesaio batean aitortu zuen delituak egin izana eta damu zitzaiola. PENek susmoa du aitorpena mehatxupean egin zuela eta bere jarduera profesionalagatik jazarri zaizkiola. Egun ez da ezagutzen non dagoen Gao Yu.

 

4.          Azimjon Askarov (Kirgizistan), kazetari uzbekoa, ustelkeria salatzen eman du bizitza profesionala. 2010eko liskar etnikoetan atxilotu eta torturatu egin zuten. Biziarteko zigorra du polizia bat hiltzeagatik, baina Kirgizistango ombudsman-ek ez du ikusi Askarovek hilketarekin loturarik duenik. PEN Internationalek uste du karguak "eraiki" egin dituztela giza eskubideen alde egiten duen lana geldiarazteko eta bere delitu bakarra adierazpenak askatasunez egitea dela deritzo.

 

5.          Mahvash Sabet (Iran), poeta eta irakaslea, 20 urteko gartzela-zigorra betetzen ari da baha'i komunitateko beste sei kiderekin batera. 1979an Iraultza Islamikoak ezarri zituen debekuari erantzuteko, Sabet gazteen hezkuntzan konprometitu zen eta, ondorioz, 20 hilabeteko zigorra jaso zuen. Geroago 20 urtekoa ezarri zioten espioitzagatik, Errepublika Islamikoaren aurkako propaganda egiteagatik, Israelekin kolaboratzeagatik eta dokumentu sekretuak herrialdetik kanpo ateratzeagatik. PEN Internationalek askatzeko eskatu du, bere ikerketen arabera egin duen "delitu" bakarra adierazpen eskubidea erabiltzea izan baita.

 

     Arestian esan bezala, tamalez ez da zaila munduan topatzen adierazpen askatasunaren aurkako kasurik. Demokrazia urria duten estatuetan adierazpen librea subertsibotzat jotzen da, susmagarria da, delitutzat har daiteke eta gartzelaldiaz zigortzen da. 

 

     PEN Internationalek jasotzen dituen kasu gehienak Europatik kanpokoak dira, Txinan, Iranen, Kurdistanen, Mexikon eta Latinoamerikan. Horrek ez du esan nahi Europan adierazpena urratzen ez denik. Beste batzuen artean, Azerbaijan, Ukraina, Errusia, Turkia eta Espainia dira adierazpen askatasuna sarrien eta gogorren urratzen duten estatuak. Gurera etorrita, nabarmentzekoa da euskal kazetari batzuk kazetari-lana egiteagatik daudela gartzelan. Xabier Salutregi, Egin-eko zuzendaria, orain ia zazpi urte espetxeratu zuten eta gartzelan segitzen du. Eta Teresa Toda zuzendariordea iaz atera zen espetxetik, sei urteko zigorra oso-osorik bete ostean. Europan Turkiak, Errusiak eta Espainiak baino ez dituzte espetxeratzen kazetariak beren jarduera profesionala egiteagatik, eta Turkiak, Errusiak eta Espainiak baizik ez dituzte ixten egunkariak, irrati emisorak, aldizkariak edo webguneak. 

 

     Espainiako estatuan adierazpen askatasunaren aurka gauzatu diren ekimen judizialakez dira iraganeko kontua. Azken garaiotan Auzitegi Nazionalak topatu.info webguneko bi kazetari inputatu ditu ekitaldi baten berri emateagatik (auzitegiaren beraren beste agindu bidegabe bat bete eta gero, gainera, haiek grabatutako bideoa ezabarazi baitzien); beste bi bertsolari auzipetu dituzte presoen aldeko kalejira batean kantatzeagatik (zorionez absoluzioa lortu dute); eta beste lau gaztek urtebeteko espetxe-zigorra dute (eta aurki espetxeratzeko agindua iritsi zaien susmoa), iritzi-artikulu bat idazteagatik. Hori guztia Europan, demokraziaren kabian.

 

     Munduan diren estatu ez-demokratiko askotan ikusten dugun bezala, disidentziari terrorismoa esaten zaio, helburua baita pentsamendu bakarretik kanpo dagoen beste ezein ikuspuntu isilaraztea, ezabatzea, suntsitzea. Hitza arriskugarria da demokraziarik ez dagoen eremuetan. Eta hitza darabiltenek, kazetari eta idazleek, bertsolari eta kantagileek estatuaren jazarpena pairatzen dute, mehatxu etengabea, Damoklesen ezpata buru gainean baileukaten.

 

     Azaroaren 15 honetan Euskal PENek aupada berezia eman nahi die mundu osoan preso dauden edo jazarpena sufritzen duten idazle eta kazetariei, hitza erabiltzeagatik errepresioa jasaten duen orori. Beste horrenbeste, gure herrian alde bateko edo besteko jazarpena jasan dutenei, eta animoa eman, hitza ausart balia dezaten, deserosoa izanda ere.

 

Laura Mintegi

          Euskal PEN

 

 http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-11-15-06-00/hemeroteca_articles/idaztea-garesti-ordaintzen-da

 

http://m.deia.com/2014/11/15/opinion/idaztea-garesti-ordaintzen-da

 

 

bottom of page