Euskal PEN, nazioarteko ordezkaritza batekin Istanbulen
2017ko urtarrilaren 25tik 27ra, hiru egunez, bisitak egin ditugu Istanbulen, asteazkenetik ostiralera. Aurretik, talde txiki bat Ankaran egon da Gobernuari kezka adierazteko, eta Turkiako Parlamentuan diren alderdiekin batzartzeko. Oso kezkagarria da, azken hilotan gertatzen ari dena, larrialdi-egoeraz baliatuta 150 kazetari baino gehiago espetxeratu baitira, eta bestelako neurri ugari ere hartu: hedabideak itxi, liburuak bahitu, irakasleak eta beste profesional ugari kaleratu eta, kurdueraren kasuan kultura eta irakaskuntza oro har zapaldu.
Kazetari, idazle eta argitaletxeetako arduradunek egoera zeinen gogorra den azaldu digute, nola espetxeratu izan duten jendea artikulu, biñeta edo liburuengatik, akusaziorik gabe ere edo “terrorismo” salaketa orokorrak baliatuta, Fetullah Gulenen jarraitzaile izatea eta PKKkoa izatea, biak batera leporatuta batzuei. Apirilean konstituzioa aldatu eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak botere gehiago eskuratzeko deitu duen erreferendumaren harira, adierazpen askatasuna are mugatuago egongo dela jakinarazi digute, ezetzaren kanpainari lekurik ere ez uzteko.
Ordezkaritzak Istanbulgo hainbat egunkari bisitatu ditu, ezkerrekoak, kurduak edo armeniarrak (10 urte bete berri dira Hrant Dink kazetari armeniarra hil zutela) gehienak, baina nork bere oztopo eta kasuistika duela. Silivriko espetxera ere joan da talde osoa, elurtearen erdian. Han ziren, besteak beste, Jennifer Clement PEN Internationaleko presidenteak, John Ralston Saul aurreko presidentea eta Per Wästberg, PENeko buru ohi eta egun Nobel Batzordeko arduraduna. Hala eta guztiz, polizia presentzia itogarriak, tanke eta guzti, ia ezinezko egin zuen elkarretaratzea, eta Clement-en hitz batzuekin buelta hartu behar izan zuen taldeak. Bidean ere jazarpena jasan behar izan zuten, beste pare bat aldiz geldiarazi eta pasaporteak eskatu baitizkiete.
Beste ekimen batzuen artean, iaztik erbesteratuta dagoen Can Dündarren emaztearekin eta Diyarbakirren hil zuten Tahir Elci abokatuaren alargunarekin egon da taldea. Baita PEN Kurduko ordezkariekin ere. Diyarbakirrera joan beharra azpimarratu dute kurduek, beste inon baino gehiago han nabari baita adierazpen askatasunaren aurkako erasoa. Euretako batzuk lanetik egotzi dituzte, beste batzuk edozein unetan atxilotuko dituzten beldur dira, eta hala ere testimonia emateko hartu dute hegazkina. Kazetak itxi, irakasleak atxilotu eta milaka lanetik kanporatu. Duela hiru urte abiarazitako “ikastolen” sistema ere zapaldu dute: hasieratik saiatu ziren ixten kurduek autogestioz eta udalen laguntzaz irekitako eskolak, baina 2014-5ean indartsu zeuden kurduak, eta prezintuak kenduta, eskolak ematen jarraitu zuten. Orain, gerra, estatu-kolpea eta emergentzia-egoerarekin, okupazio militarra erabatekoa da. Eta hala ere, klandestinoki eskolak ba omen dituzte, etxeetan. Netîce Altûn Demîr-ek testimonio gogorra ekarri, kurdueraz egiteagatik umetan eskolan jasotako jipoietatik, egun lanean entzun dituen mehatxuetaraino. Samî Tan 90eko hamarkadako urte gogorretan ere eutsi zioten Istanbulgo Institutu Kurduko burua da, Kurdistanen herriak erretzen zituztenean. Berriki itxi du Gobernuak, eta ehunka ikasleri kurdueraz ikasteko aukera kentzeaz gain, barruan daukaten dokumentazio eta urtetako material itzela erdietsi ezinik daude.
Euskal PENek, egoeraren berri bertatik jakiteaz gain, elkartasuna adierazi nahi die hitza erabiltzegatik jazarpena sufritzen ari diren lagunei. Turkiako gobernuak espetxeratutako kazetari guztiei. Eta adiskide kurduekin bereziki daukan konpromisoa berretsi nahi du, halaber, hizkuntza biziberritzeko lan itzelaren jakitun baikara, geuk ere bizi eta sufritutako esperientzia gogoan.