top of page

Zer da PEN?

Zer da Euskal PEN?

 

     1950ean Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Federico Krutwig, Txomin Peillen eta beste batzuek PEN Euskal Bilkura izeneko erakundea jarri zuten martxan, PEN Club Vasco IDAZKORTZ izenarekin. Idazkari nagusia Manuel de la Sota zen eta Miarritzen zuen egoitza, Etcheperdia helbidean.

 

     Eusko Jaurlaritzak Angel de Gondra zuen ordezkari Londresen eta, honi esker, bai eta Argentinan zeuden euskal idazleen eskaerari esker ere, lortu zen Nazioarteko PEN Klubak onartzea Euskal Taldea Edinburgoko kongresuan.

 

    Euskal PEN Klubak Sociedad Internacional de Estudios Vascos-en eremuan arituko zen eta beraren egun ofiziala San Francisco Javierren egunean ezarri zuten, hau da, abenduaren 3an. Gaur egun abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Idazkotz izeneko Euskal PEN Kluba bizitza laburreko ekimena izan zen, urtebete ingurukoa.

 

     1987an berriz egin zen ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz, eta bizpahiru urteko bizialdia izan zuen. Garai hartan bi batzordetan hartu zuten parte euskal idazleek: Idazle Jazarrien aldeko Batzordea eta Itzulpengintza eta Hizkuntza Eskubideen Batzordean. Baina ekimen hau ere bertan behera gelditu zen, egitura nahikorik sortzea lortu ez zelako.

 

    2004an, euskal kulturak garai latzak bizi zen garaian, berriz ekin zitzaion Euskal PEN Kluba sortzeko ahaleginari, irauteko asmoz izan ere. Apirilaren 23an burutu zen Sortze-Batzarrean honako Zuzendaritza Batzordea hautatu zen:


Ohorezko Lehendakaria: Txomin Peillen
Lehendakaria: Laura Mintegi
Lehendakari-ordea: Joxemari Iturralde
Idazkaria: Eider Rodriguez
Diruzaina: Lutxo Egia
Batzorde-kideak: Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Teresa Toda.

 

     2004ko irailean Norvegian burutu zen International PENen urteko Batzarrean onartu zen Euskal PEN Kluba nazioarteko erakundean, Basque PEN izenaz. 

 

Gaur egungo Zuzendaritza Batzordea honela dago osatuta:

Ohorezko Lehendakaria: Txomin Peillen

Lehendakaria: Laura Mintegi

Lehendakariordea: Paul Bilbao

Idazkaria: Xabi Paya

Diruzaina: Urtzi Urrutikoetxea

Batzorde-kideak: Gari Berasaluze, Itxaro Borda eta Maialen Sobrino.


Zer da International PEN?

     Mundu zabaleko idazleen elkarte honek, leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea du helburu, kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa badute ere. Elkartearen jomugak dira adierazpen askatasunaren alde borrokatzea, eta erregimen zapaltzaileak -eskuin muturrekoak zein ezker muturrekoak izanda ere- pairatzen dituzten idazleak defendatzea.

 

     PEN politikoki independentea da guztiz. Gobernutik Kanpoko Erakundea da eta UNESCOrekin kontsultarako harreman informalak ditu.

 

     Zentroek osatzen dute PEN erakundea. Zentro bakoitzak beraren kideak ordezkatzen ditu, ez ordea, bere herrialdea. Kualifikatutako edozein idazlek dauka kidea izateko aukera, nazionalitatea, arraza, kolorea edo erlijioa edozein direla ere. Zentro bakoitzak ezartzen ditu kide izan ahal izateko baldintzak, horretarako autonomoa delarik.

 

     PEN siglak, jatorriz, Poets, Playwrights, Essayists, Editors eta Novelists (poetak, gidoigileak, saiogileak, editoreak eta nobelagileak) hitzak hartzen zituen, baina, gaur egun, edozein motako idazleak, kazetariak, itzultzaileak, historiagileak edo literaturaren beste arlotan aritzen diren profesionalak izan daitezke kideak. Kide guztiek PEN Gutuna sinatu behar dute. Horrela, beraz, bertako arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.

 

     International PEN, C.A. Dawson Scott idazleak sortu zuen Londresen 1921ean, eta berehala zabaldu zen mundu osotik, gaur arte. International PENek 25.000 kide ditu, gutxi gorabehera, 150 Zentro eta 100 herrialdetan banatuta. Herrialde bakoitzean Zentro bakarra egon ohi da, baina herrialde batetan hizkuntza edo literatura bat baino gehiago badago, orduan hizkuntza bakoitzeko idazleek berezko Zentroa sor dezakete, beti ere, bost zentroko muga izanda. Gerta daiteke ere Zentro bat baino gehiago egotea hedadura handiko herrialdeetan. Bost zentroko muga gainditzekotan, idazle taldeek dagoeneko dauden Zentroetako adarrak sor ditzakete.

 

     PEN goreneko organoa, Ordezkarien Asanblada, Zentro bakoitzeko bat edo bi ordezkarik osatzen dute, eta urtean behin PEN Zentro batek antolatutako biltzarrean biltzen da. Aipatu biltzarretan ere saio literarioak egoten dira, zeinetan kide guztiek har dezaketen parte.

 

     PEN ez da sindikatu bat, eta ez da literatur agente gisa aritzen. PEN bada foro bat, non idazleak aske batzen diren egindako lanaz eztabaidatzeko. Bada ahots bat, haien herrialdeetako gobernuak kritikatzeagatik edo onarpenik ez duten ikuspuntuak argitaratzeagatik espetxeratuak izan diren edo jazarpena bizi izan duten idazleen alde aritzen dena.

bottom of page